XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EVERESTEKO IGOERA Maiatzaren 13an abiatu gera 3gn kanpamendutik Lorente, Pasang Temba, beetik etorri diran Ang Nima eta Fruba Kitar, eta ni.

Elur asko bota du bart.

Bidea urratu bear duanez Pasang Tembak, oxigenoa erabilliko du.

Arkaitz Oriak iragan eta gero laiñoa sartu du eguerdi aldera eta ez du irurak arte altxako.

Besterik gabe eldu gera Ginebrinoen Espoloira.

Atsedenalditxoa emen, zerbait jan eta edan, eta bistak ikusi: oso polita dago arratsaldea eta oskorri dagoanez bazter guztiak koloreztaturik dauzka.

Emendik aurrera naiko xamurra degu bidea. Elurra beti.

Ego Lepoko karpen bistara eldu geranean, iru pote babarrun aurkitu ditu Ang Nimak elurretan: afaritan konponduko ditugula diosku.

Eta ola, Ego Lepora iritxi gera.

Elur aundia; karpak ere, erdi estalirik, okertuta eta zapalduta daude erabat.

Barruan leku pixka bat izateko karpak garbitzen eta txukuntzen lana gogotik egin degu.

Pasang Tembarekin sartu da Lorente karpa batean; beste biekin ni bestean.

Xerpek afaria eta tea prestatzen dituzten bitartean, oxigeno ekipoak probatu eta konpontzeari ekin diot.

Beekoekin itzegin degu, amaika t'erdietan jeiki eta gauzak prestatzen asiko gerala esan diegu; ordurarte, agur.

Afari ederra egin degu babarrun eta Tibeteko antxume-zeziñaren kontura; aparta.

Zortzi milla metroz goitik jateko gogo aundirik ez dala izaten esan oi da; ez zait niri olakorik gertatu, platera nola utzi dedan ikusi besterik ez dago.

Ez degu lo aundirik egin; onelako gau batean, ainbeste pentsakizun buruan bueltaka, ez da xamurra lo egitea.

Ez da ia aizerik; iñoiz bein mugitzen da oiala, baiña dana bare-bare, gau ixilla da.

Oarkabean pasa zaigu denbora; amaika t'erdiak dira, gauzak prestatzen asteko ordua.

Sukaldetxoaren sua illunpetan, tea egiteko ura berotzen.

Asko kostatu zait zakutik irtetea; oso normala da, ez baita mugitzeko gogo aundirik izaten; logalea eta nagitasuna nagusi.

Mantso-mantso oxigeno ekipoak prestatu eta motxilan sartu ditut neure gauzak: boteilla bat oxigeno, 16mm.ko iru roillo filma, argazki-kamara txikia, txokolate pixka bat, almendrak eta gailletak.

Amarren bat kilo guztira.

Ordubeteko lana egiteko iruzpalau ordu bear izan ditugu.

Iru t'erdiak dira abiatu geranerako.

Ez ditugu berreun metro egin, eta filmatzeko kamara karpan aaztu zaiola esanaz asi zait Lorente. Beera ostera.

Kanpamendura eltzeaz batera, ordea, motxilla barruan duela oartu da. Gora, berriz.

Goizaldera zerbait argitu duanean, ez dijoala ondo esan dit Lorentek eta erretiratu egin bear duala.

Pena da, ordurarte oso bide ona izan baitugu, elur gogorra.

Pena aundiz agurtu degu elkar; eta oxigeno ekipoak aldatu ditugu, asko galtzen duta nereak.